Eskolako Agenda 2030 2015ean onartu zuten 150 estatuburuk eta gobernuburuk baino gehiagok Garapen Jasangarriaren Gailurrean. Agendan Garapen Jasangarriaren 17 Helburu jasotzen dira, eta herrialde guztiei, aberatsak zein txiroak izan, eskatzen zaie neurriak hartzeko planetak bizi duen klima- eta gizarte-larrialdiari erantzuteko. Amurrio, Aiara eta Laudioko ikastetxeek erabaki dute datorren ikasturtean Garapen Jasangarriaren 13. Helburuari helduko diotela elkarlanean. Horren xedea da klima-larrialdia eteteko ekintza azkartzea, arintze- eta egokitze-neurriak bultzatzearen bidez.

Eskolako Agenda 2030 programa 2030eko jasangarritasunaren aldeko hezkuntza-estrategia handia da eta ikasleek udalerrietako ekintza-planetan parte hartzeko oinarrizko ildoa da. 2002an, Eskolako Agenda 21 martxan jarri zen Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan eta eskola eta udalen arteko elkarlana hasi zen. Orain, Eskolako Agenda 2030 programa berriak ikastetxeen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ingurumen Sailaren eta udalen arteko elkarlana du ardatz eta tresna eraginkorra izango da eskola curriculumaren oinarrizko gaitasunak garatzeko, ikasleek ingurumen-arazoekiko sentsibilizazioa izateko, kutsadurari aurre egin ahal izateko, biodibertsitatea mantentzeko eta klima-aldaketaren eragina mugatzeko; hori guztia Garapen Jasangarriaren Helburuak oinarri hartuta.

Klima-aldaketak kontinente guztietako herrialde guztiei eragiten die eta horien ekonomian, pertsonen bizitzan eta komunitateetan oso inpaktu txarra du. Etorkizunean are ondorio larriagoak izango ditu. Klima-patroiak aldatzen ari dira, itsasoaren mailak handitzen ari dira, klima-gertakariak gero eta muturrekoagoak dira eta berotegi-efektuko gasen maila historian izandako altuena da. Ez badugu ezer egiten, lurraren gainazalaren batezbesteko tenperatura 3 gradu zentigradu igo daiteke mende honetan. Pertsona txiro eta zaurgarrienak izango dira kaltetuenak.

Gaur egun, konponbide bideragarriak ditugu eskura edozein herrialdek ingurumenarekiko jarduera ekonomiko jasangarriagoa eta errespetu handiagokoa izateko. Gero eta azkarrago aldatzen ari dira gai honekiko dauden jarrerak, gero eta jende gehiagok hartzen dituelako ohitura jasangarriak. Gainera, gero eta jende gehiagok egiten du uraren, energiaren eta materialen erabilera eraginkor eta eragingarriagoa; kontsumo jasangarria eta energia berriztagarriak zein motorizatu gabeko mugikortasuna ere gero eta ohikoagoak dira, baita hondakinak birziklatu eta horien konpostatzea ere. Gaur egun, isurtzeak murrizteko aukera berrien aldeko apustua egiten da eta esfortzu handiagoak egiten ditugu, karbono-maila txikiko ekonomia garatzearen bidez.

Amurrion, urtero, gero eta CO2 gehiago isurtzen dugu atmosferara; beraz, hori murrizteko lan egiten jarraitu behar dugu.