Guztira 28 adinekori ematen diete arreta Armuruko San Anton egoitzan, Amurrion, Arabako Foru Aldundia abenduaz geroztik zentroan egiten aritu den hobekuntza lanak amaitu ondoren. Eraberritze lanak presazkotzat jo zituzten, 1990. urtean eraikitako zentro horretan aurkitutako segurtasun gabeziak konpondu beharra zegoelako. Orobat, hobekuntzak egin dira geletan, bainugeletan eta irisgarritasunean, besteak beste.

Pixkanaka, gero eta jende gehiago artatuko dute zentroan, eskariaren arabera, guztira dauden plaza kopurua bete arte: 39 plaza, gehi bat lurraldeko gizarte larrialdietarako, eta beste lau eguneko arretarako. Hortaz, egoitzak obrak hasi aurretik zuen edukierari eutsi dio. Aldundiaren titulartasuneko zentro horren zati bat eraberritu bitartean, 18 egoiliarrek aukera izan zuten bertan egoteko, baina lanak egiteko lekua libre utzi beharraren ondorioz erabiltzaileetatik 14 beste egoitza batzuetara eraman behar izan zituzten aldi baterako.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak Amurrioko egoi­tzan gauzatu dituen eraberritze lanen helburua izan da azpiegitura horren kalitatea hobetzea, dela eraikineko segurtasunaren ikuspegitik, dela irisgarritasunarenetik, bai eta instalazioak zein bertan artatzen dituztenei eskaintzen dieten zerbitzua eta profesionalen lan baldintzak hobetzea ere, besteak beste adinekoak arta­tzean ahalegin fisiko txikiagoa egin behar izateko.

Amurrioko egoitzan ebakuaziorako kanpoko eskailera bat ere jarri da, eta suteetarako ­sektorizazioa egin da bi solairuetan. Hainbat eraberritze lan egin dira: geletarako sarbideak hobetu dira, geletako bainugelen zoruan ura bideratzeko maldak zuzendu dira, konketen posizioa aldatu da eta geletako irisgarritasuna hobetu da oheburukoen posizioan aldaketak eginda; eta, horiez gain, konponketak egin dira argindar instalazioetan, pinturan, iturgintzan eta suteen arloan, eta zoruak ordeztu dira. Beheko solairuan, suteen kontrako ateak jarri dira sukaldean, garbitegian eta aldageletan.

Errehabilitazio zerbitzua abian jartzea

Hasieran abenduan aurreikusitako plan horretan beste hobekuntza bat ere sartuko da, obrak egin bitartean baieztatu baitzen aukera zegoela zentroan errehabilitazio zerbitzua abian jartzeko, zentroak ez zeukan-eta halako ekipamendurik. Azkenean, zerbitzu hori urteko azken hiruhilekoan jarriko da martxan, eta fisioterapeuta batek eta Laudioko adinekoen egoi­tzako errehabilitazio zerbitzuko laguntzaileak emango dute arreta.

Lanek 278.000 euroko kostua izan dute, eta maiatz erdialdean bukatu zituzten, aurreikusi baino lehenago. Hilabete horren azken astean zentrora itzuli ziren obren hasieran lekualdatu zituzten eta Gasteizko eta Oiongo bi egoitzetan zeuden lau adineko. Ekainaren hasieratik hona, beste sei lagun sartu dira eta, beraz, dagoeneko 28 adinekok jasotzen dute arreta egoitzan. Gainera, iragan astean egoiliar berrientzako plazak esleitu ziren.

Egoitzako 40 plazetarako plantilla honako hauek osatzen dute: zuzendaritzako arduradun batek, gizarte laneko profesional batek, sukaldariak, sukaldeko bi laguntzailek, erizaintzako lau profesionalek eta 19 erizaintzako laguntzailek. Amurrioko egoitzan eraberritze lanak egin aurretik zuten langile ratio bera da. Langile horiek zentroko lanpostuetara sartzen joango dira egoitzako okupazioak eskatu ahala.