Amurrio Trail Taldeak 2021eko Urrezko Guk saria jasoko du martxoaren 13an, larunbatean, Amurrio Antzokian egingo den ekitaldian, betiere erakundeek hartutako neurriek horretarako aukera ematen badute. Adostasunez aukeratu den trail taldeak, kirol munduan egiten duen lanaz, bere elkartasun-lanarengatik ere jasoko du aintzatespen hori. Bereziki nabarmentzekoa da etxeko konfinamenduan bultzatu zuten laguntza-sare solidarioaren bitartez egin zuten ezinbesteko lana.

Kirol arloan, Amurrio Trail Taldeak 8 urte baino gehiago daramatza batez beste 400 izen-emate jasotzen dituen Amurrio Trail Lasterketa antolatzen. Euskadiko lehiaketen barruan lekua egitea lortu du. Batzuetan Euskal Herriko trail txapelketetarako baliozkoa izan da.

Iaz, Euskal Herri mailan nabarmentzen diren kirolariak saritzen dituen euskal mendizaletasunaren gala antolatzeko arduradunak izan ziren. Ekitaldi hori, beste asko bezala, ezin izan zen egin, Covid-19ak eragindako konfinamenduaren ondorioz.

Espiritu solidarioa

  1. urte zail horretan, konfinamenduan zehar, oso talde aktiboa izan ziren, Amurrioko herritar askorentzat oso lagungarria izan zen sare solidarioa bultzatuz. Ekimen horren bitartez, elikagaiak eta beharrezko guztia eraman zizkieten egoera okerrenean zeudenei. Horrekin batera, arratsaldeetan, 20:00etan, kalejira batekin gazteak eta adinekoak animatzen zituzten.

Ezohiko Gabon jai hauetan ere Olentzeroren laguntzaile leialak izan dira, eta mendira igotzea bultzatu dute, ikazkinaren kartoizko irudiarekin argazkia ateratzeko eta Amurrioko umeek nahi zutena jasotzen zuen karta bertan uzteko.

Amurrio Trail Taldearen espiritu solidarioak ibilbide luzeagoa izan du denboran zehar. Lau urte daramatzate Babioko igoera, eta bi urte Babio Non Stop izenekoa antolatzen, Gabonetan herritarrek gorriz markatuta dituzten bi hitzordu solidario. Babio Non Stop ekimenarekin bildutakoa elkarte batera bideratzen da, eta, gainera, sarritan eurekin elkarlanean aritzen den Mendi solidarioak elkartearekin batera, abenduaren 24an umeak eta adinekoak Babio mendira igotzen dituzte. Olentzero han egoten da, euren zain.