Amurrioko Udalak AmurriokoEKIN aurrekontu parte-hartzaileen azken kanpainan herritarrek aukeratu zituzten proiektuen arteko biren idazketa esleitu du. Etxegoienbidean aparkalekua egiteko eta Armurulanda plazan dagoen lokal bat egokitzeko eta Ludoteka bihurtzeko lanak dira. Etxegoienbideko aparkaleku gune berrian 56 plaza berri sortzea aurreikusten da. Gainera, obra horrekin batera, kalearen birmoldaketa ere egingo da, eta bertako  zirkulazioa hobetzeko asmoz bidearen tarte batzuetan erreiak zabaldu egingo dira.

Bestalde, Armurulanda plazako beheko solairuan dagoen lokala egokitzearen helburua herriko haurrentzako gunea sortzea da, umeentzako ludoteka, hain zuzen ere. Bertan, haur bakoitzaren adinera egokitutako jolaserako hainbat gune sortuko dira. Etxegoienbideko aparkalekuaren proiektua idazteko kontratua LKS Ingeniería enpresari esleitu zaio, 18.089 eurorengatik, eta, ludotekaren kasuan, URA Arquitectura enpresari, 8.954 eurorengatik.