Amurriok Euskal Jaia berreskuratuko du asteburu honetan, Covid-19aren pandemiaren ondorioz bi urtez ospatu ezinik egon ondoren. Ostiralean hasiko da jaia, folk kontzertu batekin, eta larunbatean jarraituko du gainerako programazioarekin, Juan Urrutia plazan eta parkean.

Sarrabete folk taldeak emango dio hasiera Euskal Jaiari ostiralean, 20:00etan Juan Urrutia parkean emango duen kontzertuarekin. Programazioak Juan Urrutia plazan jarraituko du larunbatean, 11:00etan, hasiko den azokarekin. Ekitaldi nagusia Aiara Dantza Taldearen dantza emanaldia izango da, 12:00etan, eta 13:30ean Ugarte otxoteak alaitutako kantu poteoa hasiko da.

Bestalde, parkean programatutako jarduerak 10:00etan hasiko dira, sendabelarrei buruzko tailerrarekin, eta Kultur Etxean eman beharko da izena. 12:00etan II. paella txapelketa hasiko da eta 15:00etan bazkaria izango da. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera haurrentzako jolasak egongo dira Kalakaren eskutik eta 19:00etan Patxi eta konpainiak joko du. Amaitzeko 22:00etan Iratzar erromeria izango dugu.

Jaiarekin batera, aste osoan zehar Aiara dantza taldearen jantziak ikusi ahal izango dira erakusleihoetan eta Patxi Perezen emanaldian euskal jantzi bat zozketatuko da.