Euskaraldia euskararen erabilera handitu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko datorren ariketa soziala da. 15 egunez, milaka ahobizi eta belarriprestek txapa soinean jantzi eta Euskal Herria aho eta belarri euskaradunez beteko dugu! Euskara ulertzeko gaitasuna duten herritarrek har dezake parte Euskaraldian. 15 egun horietarako konpromisoa hartuko dugu (norberak erabakiko du zein den hartzen duen konpromisoa), izena emango dugu eta ariketa hasi baino egun batzuk lehenago gure txapa jasoko dugu, azaroaren 20an elkarrekin janzteko. Irailaren 24tik aurrera eman daiteke izena ahobizi edo belarriprest moduan, www.euskaraldia.eus webgunean.

Guneak

Aurten, gainera, banaka zein taldeka egingo dugu ariketa. Horretarako ariguneak bilatzea da proposamena, edo beste modu batean esanda, euskaraz lasai aritzeko guneak. Elkarteetan, lantokian, komertzio eta tabernetan… aurkitu ditzakegu ariguneak. Hauetako baten parte bazara eta baldintzak betetzen dituzuela uste baduzu, gogoratu arigune bezala izena emateko epea irailaren 27an amaituko dela.Zure herriko batzordean parte hartzeko prest bazaude edo galderarik baduzu, jar zaitez harremanetan zure inguruko batzordearekin (amurrio.euskaraldia@ni.eus).