Igande honetan Amurriok berdez jantziko ditu berriro bere kaleak, pandemia dela eta bi urtez egin gabe egon eta gero. Minbiziaren Aurkako III. Martxa “Amurrio Martxan” lelopean egingo da, herritarrak gaixotasun horren inguruan sentsibilizatzeko. Ekitaldi honetan Aurreraka Emakume Elkarteak, Minbiziaren Aurka Araban Elkarteak eta Amurrioko Udalak bat egiten dute.

Irteera 10:30ean izango da Juan Urrutia plazatik, eta helmuga ere bertan izango da. Ibilbideak zazpi kilometro izango ditu, adin guztietarako egokiak, plazatik irten eta Olakotik, Nerbioiko Parke Linealaren hasieratik, Abiagatik eta El Reforretik igaroz. Jarduera ludikoa eta kirol-arlokoa da, ez lehiakorra, eta AECCrekin lankidetzan aritu nahi dutenentzat irekita dago. Bildutako guztia ikerketara bideratuko da.

Izena aurrez aurre emateko azken aukera ostiral honetan izango da, San Anton azokaren ondoan egongo den standean. Izen-emateak online ere egin daitezke ostiralera arte, izena, abizenak eta NAN zenbakia helbide honetara bidaliz: amaurreraka@gmail.com. Izen ematearen prezioa 10 eurokoa da.

marArreta psikologiko eta sozialeko zerbitzua Amurrion

Minbiziaren Aurka Araban Elkarteak (AECC Araba) eta Amurrioko Udalak urtebete baino gehiago daramate lankidetzan elkarteak minbizia duten pertsonei eta haien senideei arreta emateko eskaintzen dituen doako laguntza psikologiko eta sozialeko zerbitzuak udalerrira hurbiltzeko.

Zerbitzuak iazko apirilaren 12an hasi ziren ematen Kultur Etxean. Aurten, bai psikologoak bai gizarte-langileak astelehenero ematen dute arreta Amurrion, 10:00etatik 15:00etara. Hitzordua eskatu nahi dutenek 945263297 telefono-zenbakira deitu edo alava@contraelcancer.es helbidera idatzi dezakete.