Kirol Txartela dagoeneko martxan dago Amurrion, Mugiment Kirol Txartela ezarri delako. Horren bidez, Amurrioko Udalak “txartel bakarra” erabiltzeko aukera ematen die udalerriko biztanleei, 2017an hasi zen ekimen horrekin bat egin duten gainerako udalerrietako kirol-instalazioak erabili ahal izan ditzaten. Ekimena proiektu pilotu gisa hasi zen Bizkaiko Ezkerraldeko eta Meatzaldeko sei udalerritan eta, gero, Barakaldok, Sestaok eta Muskizek ere bat egin zuten; orain, ekimena Laudio eta Amurriora ere hedatu da Araban, baita Gipuzkoako bost udalerritara ere.

Mugiment Kirol Txartela proiektuaren gidaria Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza da, aldundien eta ekimenarekin bat egin duten udalerrien laguntzarekin. Dagoeneko 7.775 erabiltzailek balioztatu dute Kirol Txartela eta, 2019an, udalerri arteko 17.116 erabilera izan dira. Helburua da udalerri gehiagok ekimenarekin bat egitea eta datozen bi urteetan kirol-txartel bateratu hau euskal udalerri guztietara iristea. Proiektu horrekin, beste urrats bat emango dugu Euskadi osoan kirolari bultzada emateko eta, hala, jarduera fisikoa sustatu eta sedentarismoari aurka egiteko.

Txartela doakoa da eta Amurrion erabili ahal izateko, beharrezkoa da Bañueta Udal Kiroldegian abonatuta egotea edo, oro har, beste udalerri batzuetako udalen kirol-zerbitzuetan abonatuta egotea. Masifikazioak saihesteko, ekimenarekin bat egin duen udalerri bakoitzak mugatu egin ditzake erkidetutako zerbitzuak erabiltzeko ordutegiak.

Amurriora datozenek kiroldegiko igerilekuak erabili ahalko dituzte, mugarik gabe, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 10:00etara, eta 11:30etik 14.30era. Beste udalerri batzuetako zerbitzuak erabili nahi izanez gero, instalazio horietan kontsulta daiteke. Kirol Txartela erabili ahal izateko, Mugiment Kirol Txartela aplikazioa instalatu behar da gailu mugikorrean, erregistratu eta txartel digitala erakutsi, baita NANa ere, kirol-instalaziora sartzean.