Amurrioko Udalak, enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zuzendutako 100.000 euroko partida ekonomikoa prestatu du, osasun krisiak eragindako ondorio negatiboak arintzeko eta herriko ekonomia suspertzeko. Laguntza zuzen sorta hori, ekainaren erdialdean aurkeztutako ‘Amurrion bizi’ programaren barruan dago. Programa horren helburua, hainbat neurri hartuta, suspertze ekonomikoaren bitartez, Amurrio indartzea da.

Zuzeneko laguntza-lerro hori, udalerrian jarduera ekonomiko bat gauzatzen ari diren edo ari ziren eta Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz diru-sarrerak murriztuta ikusi dituzten enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei laguntzera dago bideratuta. Gauzatutako enpresa-jardueraren arabera, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 300 euro eta 500 euro artekoa izango da.

Baldintza hauek betetzen dituztenek jaso ahal izango dituzte laguntzak:

  • Amurrioko udalerrian jarduera ekonomiko bat gauzatzea, gaur egun edo alarma-egoera adierazi zen unean, eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea (edo 2020ko martxoaren 14an hala egotea), epigrafe hauetakoren batean:

– 1. sekzioa (enpresa jardueretarako JEZeko epigrafeak): 4. atala (Beste manufaktura-industria batzuk), 5.                    atala  (Eraikuntza), 6. atala (Merkataritza, jatetxeak eta ospitaleak, konponketak), 7. atala (Garraioa eta                          komunikazioak), 8. atala (Finantza erakundeak, aseguruak, enpresei emandako zerbitzuak eta alokairuak) eta              9. atala (Beste zerbitzu batzuk).

– 2. sekzioa (Jarduera profesionaletarako JEZeko epigrafeak)

– 3. sekzioa (Jarduera artistikoetarako JEZeko epigrafeak).

  • Pertsona fisikoen kasuan, udalerrian erroldatuta egotea edo jarduera ekonomikoari lotutako establezimenduren bat izatea. Pertsona juridikoen kasuan, haien egoitza sozialak Amurrion egon beharko du.
  • Lataldea ez da 5 langiletik gorakoa izango, jardueraren titularra barne.
  • Adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duten enpresen ehuneko 25etik gorako lotura edo partaidetza ez izatea.
  • Zerga-arloko eskakizunak dituzten herri-administrazioekiko betebeharrak egunean izatea, eta baita Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ere.
  • Amurrioko Udalarekin edo haren mendeko ezein erakunderekin inolako kontraturik indarrean ez izatea.

Bi laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea deialdia ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta irailaren 30ean amaituko da.