Amurrioko Udalak, saritan 6.500 euro banatuko dituen 2021eko  ‘Amurrio Hiribildua’ XXXV. Lehiaketa artistikoa deitu du. Lanak irailaren lehen hamabostaldian jasoko dira eta sariak irailaren 30ean banatuko dira La Casonan, hautatutako lanen erakusketaren inaugurazioarekin batera.

 Parte-hartzaile bakoitzak bi lan berri eta original aurkeztu ahal izango ditu, lehiaketa batean sarituak izan gabeak eta teknika eta gai librekoak. Lanen neurriei dagokienez, bi dimentsioko obrak 150 x 150 zentimetrokoak izango dira gehienez, eta hiru dimentsiokoak, berriz, 100 zentimetrokoak gehienez.

Obrak jasotzea

Lehiaketak 6.500 euro banatuko ditu saritan eta oroimenezko eskultura bana irabazleentzat. Lehen sariak 4.000 euroko balioa izango du eta bigarrenak 1.500 eurokoa. Gainera, 1.000 euroko sari lokala banatuko da Amurrioko parte-hartzaileen artean.

Lanak La Casona aretoan jasoko dira irailaren 1etik 16ra, 10:00etatik 14:00etara, astelehenetan izan ezik. Sari banaketa irailaren 30ean izango da, 19:00etan, lehiaketan hautatutako lanak hilabetez hartuko dituen erakusketaren inaugurazio ekitaldian.