Amurrioko Udalak, udan herrian egiteko ziren “Oporretan ere euskaraz” udalekuak bertan behera utziko dituela iragarri du. Osasun arloko zuhurtzia eta Eudelek markatutako gomendioei jarraituz hartu da erabakia, haurren segurtasuna bermatzeko eta Covid-19ak eragindako kutsatzeak saihesteko. “Oporretan ere euskaraz” udalekuetan bost eta hamabi urte bitarteko haur eta gazteentzako aisialdiko jarduerak egiten dira eta urtero urtero hirurehun haur biltzen dituzte, jolasetan, kiroletan, abestietan, tailerretan eta Amurrioko auzoak, mendiak eta inguruak ezagutzeko ibilbideetan oinarritzen den programarekin. Erabaki zaila izan da, badakigulako familien babes handia dutela, baina udalekuak egiteak ez luke adingabeen segurtasuna bermatzea ahalbidetuko. Udalak kontziliazioa errazteko neurriak lantzen ari da.