Bi aste barru Amurriok hasiera emango die herriko jaiei. Dena prest dago Iguarrakoren etorrerarako. Sei jaiegunetarako egitarau zabala prestatu da, herrian giro ona eta gozamena bermatuko duten gustu eta adin guztietarako jarduerez beteta. Abuztuaren 12tik 17ra bitartean, nagusiek eta txikiek, musika eta kale antzerki onenaz, kirol jarduerez, karroza lehiaketa tradizionalaz eta lehiaketa gastronomikoez gozatu ahal izango dute, besteak beste.

Jaiak hasi aurretik, abuztuaren 6an santuaren jaitsiera egingo da San Roke ermitatik Santa Maria parrokiara. Gainera, abuztuaren 11n, haurrek 1,5 euroko prezio berezian gozatu ahal izango dute barrakez. Feria gune horretan, dibertsitate funtzionala duten pertsonei mesede egingo dien neurria hartu da aurten. Aurten, herriko jaiak inoiz baino inklusiboagoak dira, espektro autistaren nahasmendua eta beste zentzumen-zailtasun batzuk dituzten pertsonei ikusgaitasuna emanez. Horrela, barrakek dibertsitate funtzionala errespetatuko duen ordu bat izango dute egunero, 17:00etatik 18:00etara, eta denbora horretan ez da musikarik egongo, ezta hipersentsibilitate sentsorialetan eragina izan dezakeen argi indartsurik ere.

Musika-emanaldiak funtsezkoak dira jaietako programazioan. Abuztuaren 13an Betto Snay eta Celtas Cortos eta abuztuaren 14an La Furia eta Chill Mafia arituko dira. Neomak izango da abuztuaren 15eko protagonista eta Puro Relajo taldea, Trikizio taldearen erromeria eta DJ Ruba San Roke egunean. Gainera, udalaren xede den eraldaketa sozialaren ildotik jarraituz, txosna solidarioa jarriko da Mendiko Eskolan abuztuaren 13an eta 14an egingo diren kontzertuetan. Txosna solidarioan lortutako dirua Euskadiko X Sindrome Hauskorraren Elkartearentzat izango da. Elkarte hori familia talde batek sortu du, kaltetutako pertsonei bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko.

Abuztuaren 13ko jardunaldiak haurrei zuzendutako hainbat jarduera izango ditu. Goizean, puzgarriak, ludoteka, tailerrak, txirrista freskagarria eta apar festa izango dira. Arratsaldean, Iguarrako bisitatuko ahal izango da udaletxean, scape room bat egongo da kultur etxean eta Kalakaren jolasak parkean. Hori amaituta, Sun magoarekin magia ikuskizuna dago programatuta.

Kaleko antzerkia eta herri-jarduerak

Arte eszenikoek, antzerkiak eta dantzak lehentasuna izango dute jaietako programazioan. Lehen egunerako, Trocos Locos-en “Tartana” kale-antzerkia programatu da San Antonen eta “Perdido entre ilusiones” musika-emanaldia Elexondo pasealekuan. Abuztuaren 13an dantzaldi saioa egingo da Frontoi kalean Jamaika Trio taldearekin eta familiei zuzendutako “Skratx” antzezlana parkean, eta gauean, berriz, Organiken “Sardiña Freskueeee!” dantza eta antzerki umore ikuskizuna Juan Urrutia plazan.

Koadrilen Egunean, abuztuaren 14an, beste hiru jaialdi izango dira herriko kaleetan zehar. Eguerdian I. Kale Musika Jaialdia hasiko da, Grex Musica taldearekin Elexondoko oinezkoen gunean, 20:00etan Mario Enzoren txotxongiloek jarraituko dute San Anton plazan eta 21:00etan Borja Catanesi izango da Frontoi kalean. Aiara Dantza Taldeak euskal dantzen erakustaldia egingo du abuztuaren 15ean Juan Urrutia plazan. Abuztuaren 16an, ostiralean, LVI. Aurresku eta jota lehiaketa eta “Piensa en Wilbur” kaleko antzerki-akrobazia ikuskizuna. Jaietako azken egunerako, emakumeen borroka libreko formatuan egindako Eva Guerreroren “Lof of ladies” ikuskizuna programatu da, San Antonen. Eguna Patxi Perezen Dantza plazarekin amaituko da, Juan Urrutia plazan.

Ekintza herrikoiek ere protagonismo berezia dute jaietan. Abuztuaren 14an marmitako lehiaketa gastronomikoa eta odoloste janaldia egingo dira San Anton plazan. Abuztuaren 16an koadrilen karrozen desfilearen txanda izango da eta jaietako azken egunerako bi lehiaketa gastronomiko, tortilla lehiaketa eta sukalki lehiaketa antolatu dira.