Amurrioko Udalak eta Gizarteratzeko Sartu-Araba Elkarteak lankidetza hitzarmema sinatu dute, eta, horren bitartez, enplegu eta prestakuntza programa bi jarriko dituzte abian: “Erabilera publikoko natura eta hiri guneetan mantentze-lanak egiteko laguntzailea” eta “Herri laguntzaileak”. Izena emateko epea uztailaren 1etik 10era izango da.

Parte-hartzaileak lan-munduan txertatzen laguntzea da proiektuaren helburua, eta udalerriko 13 langabe kontratatzea proposatzen du, lorezaintzako 10 laguntzaile eta 3 herri laguntzaile. Kontratuak lanaldi partzialekoak eta sei hilabetekoak izango dira.

Lorezaintzako laguntzaileen kasuan, haien lanen artean lorezaintzarekin erlazionatutako lanak daude, garbiketa, sastrakak kentzea, konponketak edo igeltserotza txikia, adibidez. Herri laguntzaileen kasuan bitartekaritza-lanak egingo dituzte herritarren eta udalaren artean, sentsibilizazio-kanpainei buruz informatu eta sentsibilizatuko dute, kalean sortu daitezkeen gorabeherak bilduko dituzte edo interes praktikoko informazioa emango dute, besteak beste.

Enplegu-programetan parte hartu nahi duten pertsonek Amurrion erroldatuta egon beharko dute gutxienez lau urteko antzinatasunarekin, eta Lanbiden langabe gisa izena emanda, lorezaintzako laguntzaileen programaren kasuan, gutxienez azken 18 hilabeteetatik hamabitan. Gainera, programa horretarako, eraikuntzaren, industriaren, garbiketaren edo ingurumenaren sektoreetan gutxienez urtebeteko lan-esperientzia izatea eta azken 3 urteetan antzeko programa batean parte hartu ez izana baloratuko da.

Herri laguntzaileen kasuan, herritarrekin komunikatzeko behar adinako euskara-maila izatea eta ofimatika ezagutza beharko dira, eta baita jendearekin tratuan lanean sei hilabeteko esperientzia izatea ere. Gidabaimena eta ibilgailua izatea ere baloratuko da.

Izen-emateak lanbide.net webgunean argitaratutako eskaintzan edo Lanbideren, Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Amurrioko bulegoan egingo dira. Izena emateko epea amaitutakoan, eskainitako plazak baino eskatzaile gehiago badaude, hautaketa-prozesu bat egingo da. Udalak 194.000 euro bideratuko ditu Sartu-Araba elkartera prestakuntza eta enplegu proiektua aurrera eramateko.