Amurrioko Udalak osoko bilkuran onartu zuen atzo Foru kaleko hornidura merkatu zaharraren eraikina zaharberritu ahal izateko proiektua, zentro soziokultural bihurtzeko. Proiektua onartu ondoren, laster irekiko da obraren lizitaziorako prozesua.

Onartutako proiektuak eraikina erabilera berrietara egokitzeko egingo diren jarduketak jasotzen ditu. Horretarako, ia guztiz aprobetxatuko den egitura sendotzeaz gain, barrualdea berregokitzea aurreikusten da, hainbat erabilera egokitzeko aukera emango duen espazio zabalarekin, bai eta beheko solairua eta erdisotoa komunikatuko dituen igogailu bat jartzea ere, irisgarritasuna bermatzeko. Inguratzailea, fatxada eta estalkia ere berriztatuko dira.

Proiektua onartu ondoren, obren lizitazioarekin hasteko prozesuari emango zaio hasiera; 1.200.401 euroko inbertsioa egingo da, eta urtebeteko epea egongo da lanak egiteko.

Zentro soziokulturala

Berriki aurkeztu den Udal Ekipamenduen Plana gida erabilgarria eta beharrezkoa izan da udal-azpiegiturak eta horietan ematen diren zerbitzuak pixkanaka berrantolatzeko. Alde batetik, planak kultur ekipamenduen sarea sortzea jasotzen du, eta merkatu zaharra zaharberritzea eta egokitzea da herriko hirigunean kultur sare hori sortzeko lehen urratsetako bat. Horretarako, eraikin berriak umeentzako eta helduentzako liburutegi berria, ikasketa-gelak, mediateka eta KZgunea hartzea aurreikusten da.