Amurrioko Udala Kulturaren Plan Estrategikoa diseinatzen ari da, eta plan horrek ezarriko ditu datozen 10 urteetan eremu horretan gauzatu beharreko jarduketen oinarriak. Dokumentuaren helburu nagusietako bat, herriko kultur bizitzaren sortzaile, ikusle, parte-hartzaile eta erabakitzaile izango diren herritarrak sortzen lagunduko duten lan ildoak definitzea izango da. Horrez gain, Planak, Amurrio eskualdeko kultura-erreferente gisa sendotzeko eta kulturaren balioa nabarmentzeko ideiak proposatuko ditu, beste sektore batzuekin, gizartearekin, hezkuntzarekin edo garapen ekonomikoarekin, besteak beste, bat egiteko ahalmena duen eremu gisa.

Lan-esparru horretan, ezinbestekoa da plan estrategikoak kulturaren eta sorkuntzaren sektorean lanbide-jarduera garatzeko testuinguru egokia sortzen laguntzea. Ildo horretan, orain arte, Udalak lan-bilerak egin ditu herriko prestakuntza artistikoko eskolekin eta bertako kultur ekipamendu nagusiekin.

Orain, prozesuari buruzko xehetasun gehiago jakiteko eta ekarpenak egiteko interesa duten gainerako eragileekin biltzeko txanda iritsi da. Horretarako, Udalak kontrasterako bilkura irekia deitu du. Hitzordua urriaren 20an, asteazkenean, izango da, Amurrio Antzokian, 19:00etan. Bertan, Planaren oinarriak eta garapenerako ildo nagusiak azalduko dira, eta, aurkezpenaren ondoren, dinamika bat ezarriko da, parte hartzen duten eragileek zalantzak argitu eta ekarpen orokorrak egin ahal izan ditzaten. Ondoren, topaketa hainbat lan-mahaitan antolatuko da, eta mahai horien helburua honako arlo hauetan jorratu beharreko erronka nagusiak agerian jartzea izango da: esperimentazio artistikoari laguntzea, sorkuntza, erakusketa, audientzien garapena, ekintzailetza eta enpresa, prestakuntza, balioa ematea eta komunikazioa, edo beste jarduera-sektore batzuekin bat egitea. Parte hartu nahi izanez gero, 945 89 11 61 – 132 Luz. telefono zenbakian edo aiturbe@amurrio.eus helbide elektronikoan eman beharko da izena, urriaren 15era arte.