Arabako Txakolina elkarteak Txakolin Egunaren hogeita hirugarren edizioa ospatuko du maiatzaren 22an Amurrion. Jadanik finkatuta dagoen ekitaldi horri esker, aurten ere Arabako produktuak sustatuko dira. Juan Urrutia parkean Arabako Txakolina Jatorri Deituraren barruan dauden sei upategik ekoitzitako txakolinik onenak bilduko dira.

Maite Eskarmendi Ezkerra kazetaria izango da aurten Txakolin Egunaren enbaxadorea. Euskal Herriko produktuekin konprometitutako pertsona da, Arabakoekin bereziki. Arabako txakolinaren laguna da, eta gure lurraldeko gastronomia-jardueretan laguntzen du. Izendapena maiatzaren 22an izango da, 11:30ean, Amurrioko Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan. Ekitaldian 2021eko mahats-bilketaren aurkezpena ere egingo da. Udaletxeko ekitaldia amaitu ondoren jai-gunearen inaugurazioa egingo da, 12:00etan, jaiaren hasierako txupinazoarekin.

Barrutian, 2021eko mahats-bilketaren dastaketaz gozatu ahal izango da, bai eta pintxoz eta errazioz osatutako askotariko eskaintza gastronomikoaz ere. Gastronomia-gunearen sarreran horretarako prestatuko den eta 16:00ak arte zabalik egongo den standean erositako tiketen bitartez eskuratu ahal izango dira. Hori guztia osatzeko, bertako artisau-produktuen erakusketa eta salmenta egingo da, Haizem@n Albokari Elkarteak girotuta, eta Orozkoko Garrafa Arabako Txakolinarekin dastatzeko aukera egongo da. Aurten, berrikuntza gisa, erromeria egongo da 17:00etatik 19:00etara Erruki Erromeriaren eskutik.

Antolatzaileek autobus zerbitzua jarri dute Gasteiztik festara joateko. 11:00etan irtengo da, Jesus Guridi kaletik (Corte Ingles parean), eta itzulerakoa 17:00etan abiatuko da Amurriotik. Txartelak Arabako Txakolinak Gasteizko Abastos Plazan duen Arabako txakolin-postuan salduko dira.

Txakolin Egunarekin batera

Izan Amurrio merkatari eta ostalarien elkarteak, Amurrio Bidean elkartearekin lankidetzan, bat egin du aurten Txakolin Egunarekin, oso jarduera bereziarekin. Udalerriko hiru saltokik Arabako txakolin-dastatzea egingo dute aurreko egunetan. Lehenengoa maiatzaren 19an izango da, 19:00etan, “Entre punto y puntadan”, eta maiatzaren 21ean, 12:30ean, “Carisman”, Joserra Agiriano dastatzailearekin. AENKOMERek antolatu du hirugarren dastaketa, Felicia Ghimpuren eskutik. Maiatzaren 20an izango da, 19:00etan “If hair and beaty nails”-en. Plaza kopurua mugatua denez, interesdunek izena eman beharko dute Izan Amurrion, 67049708 telefono-zenbakian edo izanamurrio@apymca.comhelbidean.

 2021eko uzta

2021eko mahats-bilketa %37 jaitsi zen 2020koarekin alderatuta. Izan ere, aurreko urtean errekor guztiak hautsi ziren, 718.454 litrorekin; 2021ean 449.791 kg bildu ziren. Hala ere, upategian mahats osasuntsua eta kalitatezkoa sartu da. Merkaturatzeak pandemia aurreko mailak baino hazkunde handiagoa izan du, batez ere AEBn, Japonian, Alemanian, Kanadan, Erresuma Batuan edo Mexikon.

2022koa nolakoa izango den iragartzeko goiz bada ere, udaberriaren hasiera ez da aurreko urteetan bezain traumatikoa izan; izan ere, aurreko urteetan apirileko lehen izotzaldiek galera handiak eragin zituzten. Beraz, hasiera batean, aurtengoak bilakaera ona izan du.