Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak Alavabusen eskaintza indartuko du astelehenetik aurrera (maiatzaren 18tik), bidaiari gehien ibiltzen diren lineetan eta ordutegietan bidaia gehiago eskainiz. Neurri horren helburua da arabarren mugikortasun beharrak asetzea eta bidaiarien arteko segurtasun tarteak gordetzen direla bermatzea. Bidaia gehiago eskaintzearen beste helburuetako bat da zerbitzua prestatzen joatea; izan ere, maiatzaren 25etik aurrera zenbait irakaskuntza ziklotako ikasleak eskoletara itzultzen badira, beharra handiagoa izan daiteke. Alavabusen hiriarteko errepide bidezko foru garraioko lineetan bidaiari kopurua pixkanaka handitzen joan da apirilaren erdialdetik; alegia, ekoizpen jarduera eta ekonomikoa poliki-poliki berriz ere abian jartzen hasi zenetik. Hazkunde hori, motela baina etengabea izan da, eta ondorioz, azken hiru asteetan bidaiari kopurua hirukoiztu egin da, eta egun, batez beste 500 bidaiarik erabiltzen dute zerbitzua.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak egunero aztertzen du bidaiari kopurua, bere zerbitzuen eskaintza arabarren mugikortasun beharretara egokitzeko eta ezarritako segurtasun neurriak zorrotz betetzen direla bermatzeko: eserlekuen % 50, bidaiarien arteko segurtasun tartea gorde ahal izateko; BAT txartelaren bidez ordaintzea; desinfekzioa/aireztatzea areagotzea etab. Etengabeko ebaluazio lan hori dela eta, apirilaren 22an zerbitzua ohiko eskaintzaren % 30 izatetik % 50 izatera pasa zen.

Orain, bidaiari kopurua handitzen ari dela ikusita, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak eskaintza indartuko du astelehenetik aurrera, bidaiari gehien ibiltzen diren lineetan eta ordutegietan bidaia gehiago eskainiz. Horrek eragina izango du, batez ere, 5. linean (Gasteiz/Dulantzi/Araia), 9. linean (Gasteiz/Logroño), 15. linean (Gasteiz/Amurrio/Laudio) eta 18. linean (Gasteiz/Durango). Ordutegi guztiak araba.eus/alavabus webgunean izango dira eskuragarri.

Amaitzeko, Alavabus lineetako bidaiariek gogoan izan behar dute derrigorrezkoa dela maskarak erabiltzea, bidaiarien segurtasuna areagotzeko. Horrez gain, Garraioaren, Mugikortasunaren eta Hiri Agendaren Ministerioaren TMA/400/2020 Agindua aplikatuz, etxebizitza berean bizi diren pertsonek ondoz ondoko eserlekuetan bidaiatu ahal izango dute.