Amurrio Lagunkoia ekimenak, adinekoekin herri atsegingarriagoa izango dena eraikitzeko proiektua, udalerriaren atsegingarritasuna ebaluatzeko diagnostikoaren lehen aurrerakina aurkeztu du. Amurrio Lagunkoia proiektuaren ­helburua da herria adinekoekin atsegingarriagoa izan dadila, hots, adinekoei osasun, partaide­tza, segurtasun eta bizi-kalitateko aukerak emango dizkien herria izan dadila. Azken buruan, proiektu  horren bidez, adinekoak ain­tzat hartuko dituen Amurrio eraiki nahi da, adinekoak izan daitezen osasun eta bizi-kalitateko aukerak emango dituen herria sortzeko prozesuaren protagonistak. Amurrion ekimen hori garatu izanak, Osasunaren Mundu Erakundeak adierazitako lau fasetako (diagnostikoa eta plangintza, inplementazioa, ebaluazioa eta etengabeko  hobekuntza) lan-metodologia jarraitzea du bereizgarri. Amurrio lehenengo fasean dago orain, hots, diagnostikoa egiten ari da. Udalerriaren atsegingarritasuna ebaluatzeko, hainbat informazio-iturri erabiltzen ari dira, hala nola, datu estatistikoak aztertzea, topaketak herritarrekin eta agenteekin antolatzea eta atsegingarritasunari buruzko galdeketak egitea.
2016ko urriaz geroztik, hamar topaketa edo bilera burutu dira herritarrekin, horiei eta, batez ere, adinekoei galdetzeko zein diren eguneroko arazoak, inguruko alderdi onak eta txarrak zein diren jakiteko. Bilera horietan, Osasunaren Mundu Erakundearen metodologiak ezarri dituen zortzi ikerketa edo ekintza arloen artean bost landu dira: aire zabaleko espazioak eta eraikinak, garraioa, etxebizitza, errespetua eta inklusioa eta partaidetza eta gizarte-ehuna. Bestetik, maiatzean, galdeketa bat egin da, adierazle kuantitatiboen bitartez, herritarrek adieraz dezaten zein den herriaren atsegingarritasun-maila. Guztira, 150 inkesta bildu dira.
Bizitzeko leku lagunkoia
Oraingoz, partaidetza-espazioetan nahiz inkestan bildutako iritzien arabera, amurriar gehienen ustez, Amurrio bizitzeko toki atsegina da, hots, herritarren beharretara moldatuta dago eta elkarbizitza erraza da. Iritzi hori gehienena bada ere, desberdintasun nabarmenak aurkitu dira eguneroko jarduerak egiteko (autonomia-maila) laguntza behar dutenen eta osasun-egoera txarra dutenen artean. Baina herritar gehienen iritzia ona da.

Amurrioko herritarrei eginiko atsegingarritasun mailari buruzko Galdetegiaren emaitzak
Alderdi onak
Amurriok alderdi on asko dauzka, herritarren elkarbizitza atsegin egiten dutenak. Herriaren bereizgarriek errazago egiten dute adinekoen bizimodua. Horra hor alderdi onak:
• Parke, plaza eta berdegune kopurua nahikoa da, ongi kokatuta eta zainduta daude, aisialdiko jarduerak, gizarte-jarduerak eta zainketa-jarduerak atsegin handiz egiteko.
• Gero eta irisgarriagoak eta erabilgarriagoak diren kaleak eta espaloiak.
• Ibilbide osasungarriak, jarduera fisikoak eta sozialak egiteko aproposak.
• Aisialdiko eta prestakuntzako jarduera-eskaintza ugaria da, baita kirol-eskaintza ere. Eta jarduera horiek eskaintzen dituzten eraikin publikoak ongi kokatuta daude.
• Adinekoekiko begirunea.
• Senideekiko  hurbiltasuna, harremanak eta laguntza-trukea.
• Herritarrekiko eta, batez ere merkatariekiko hurbiltasuna, harremanak eta laguntza-trukea. Amurrioko merkataritza oso adiskidetsua da adinekoekin.
Hobetu beharreko alderdiak
Hala eta guztiz ere, herritarrekin egin diren topaketen barruan, parte-hartzaileek oztopo arkitektonikoak, sozialak eta ulertze-oztopoak kentzen jarraitu behar dela adierazi dute, baita irisgarritasuna bultzatu behar dela ere, hain zuzen ere, hauek egin behar dira:
• Parke, plaza eta berdeguneetako ekipamenduak hobetzea.
• Kale, espaloi, eraikin publiko eta establezimenduen toki jakinen irisgarritasuna hobetzea.
• Garraio publikoaren irisgarritasuna hobetzea.
• Etxebizitzak mendekotasun-egoeretara moldatzeko dauden laguntzak ezagutaraztea.
Atsegingarritasunari buruzko Galdeketaren bidez egindako landa-lana aztertzean egiaztatu da inkestatu diren herritarren % 89,7rentzat Amurrio bizitzeko oso atsegina edo atsegin samarra dela.
Amurrio Lagunkoia ekimenak adinekoaren kontzeptua aldatu egingo du ikuspegi guztietatik (gizarte-, hirigintza-, kultura-ikuspegiak, besteak beste).