Autorik gabeko Europako Eguna ospatzeko, datorren asteartean, irailaren 22an, doakoak izango dira bidaiari guztientzat garraio txartel hauek: Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak diruz lagundutako herri arteko autobus lineetakoak eta eskualdeko garraio zerbitzuaren lineetakoak.

Neurriak mesede egingo die honako linea hauen erabiltzaileei: Araba Erdialdeko, Arabako Errioxako eta Aiarako emakidetako lineak (1.-16.); Gasteiz Miranda de Ebrorekin eta Durangorekin lotzen duten lineak, 18. eta 19. lineak, hurrenez hurren; eta lurralde historikoko landa herriguneei zerbitzu ematen dieten eskualdeko garraioaren linea guztiak.

araba.eus/alavabus web orrian daude kontsultagai emakida horien lineetako ibilbideak, geralekuak eta orduak.