Amurrioko Udalak aurrekontu parte-hartzaileen AmurriokoEkin kanpaina gauzatzen jarraitzen du. Joan den urrian Amurrioko herritarrek proposamenak aurkezteko fasea ireki ondoren, bigarren fasea heldu da, eta herritarrek erabaki beharko dute aurkeztutako proiektuetatik zein igaroko diren bozketa-fasera. Saioa abenduaren 1ean izango da, 18:00etan, katekesiko aretoan.

Joan den urriaren 20an eman zitzaion hasiera 2022-2023 aurrekontu parte-hartzaileen kanpainari. Fase horretan, Amurrioko 16 urtetik gorako herritar guztiek parte hartu ahal izan dute, eta proposamenak helarazi dizkiote udalari. Guztira, Amurriorako 180 proiektu eta hobekuntza proposamen baino gehiago jaso dira.

Lehen pauso horren ondoren, orain informazioa aztertzeko eta bozketa-fasera igaroko diren proiektuak zeintzuk izango diren lehenesteko unea da. Horretarako, herritar guztiei irekita egongo den lehentasun-saio bat egingo da, eta, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak azpimarratu duenez, “bigarren fase hau proposamenak egiteko lehen fasea bezain garrantzitsua da; beraz, ezinbestekoa da herritarren ikuspegia bertan jasotzea, izan ere, proiektuak hautatu ondoren, bozketa egingo da, gauzatuko diren ekintzen azken hautaketa egiteko”.

Abenduaren 1eko jardunaldian bi proiektu motari buruzko erabakia hartuko da. Alde batetik, 48.000 €-tik beherako kostu zenbatetsia duten proiektuak egongo dira, eta, bestetik, 48.000 €-tik gorakoa dutenak. Gainera, lehentasunak irizpide hauen arabera ezarriko dira: Proposamenak mesede al egiten die edo eraginik al du biztanleriaren sektorerik zaurgarrienetan? Proposamenak ingurumena hobetzen edo indartzen al du eta klima-aldaketaren aurkako borroka sustatzen al du?