Arabako Foru Aldundiak epea ireki du 2016ko ekitaldian ezinduentzako banakako laguntzak eskatzeko, irailaren 16an amaituko dena. Aurtengo deialdiari 443.871 euro esleitu zaizkio hasiera batean. Deialdi honetan sartzen diren laguntzen katalogoan ohiko etxebizitzarako irisgarritasun dirulaguntzak sartzen dira; hau da, arkitektura oztopoak kentzeko dirulaguntzak, hala nola arrapalak egitea, 0 kotako igogailuak jartzea atarietan edo bainugelak egokitzea. Etxeko lanak egiteko laguntza produktuak ere diruz lagunduko dira; baita norbere zaintzarako produktuak, betaurrekoak, audiofonoak, gurpildun aulkiak, ohe artikulatuak eta ibilgailuak egokitzea ere, besteak beste. Deialdi honetan finantzatu ahalko dira 2015eko irailaren 5etik aurtengo urriaren 31ra bitartean erositako edo gauzatutako laguntzak.