Ikasturte honetan zehar Lucas Rey-Matias de Landaburu eskolan, 2030 Agenda osatzen duten 17  garapen iraunkorrerako helburuak ezagutzen joango gara eta  bereziki  klima babesteko ekintza landuko  dugu.Klima-aldaketa gizateriaren arazo larrienetako bat da. Planetaren batez besteko tenperatura igotzeak, prezipitazio-ereduak aldatzeak, itsasoaren maila handitzeak eta muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasuna handi­tzeak gure bizi-eredua baldintzatzen dute. 

Energiaren eta klima-aldaketaren arteko lotura oso handia da. Nazio Batuen Erakundearen arabera energia sortzea   da klima-aldaketa eragiten duen faktore nagusia, izan ere,  berotegi-efektua areagotzen duten gasen munduko emisio guztien %60 inguru eragiten du. Klima-aldaketaren kausarik garrantzitsuena planeta berotzea da. Berotegi–efektua klima berotzen duen prozesu naturala eta beharrezkoa bada ere, gizakiok sortu eta isurtzen ditugun Berotegi Efektuko Gasen (BEG) ondorioz, planetaren batezbesteko tenperatura  igo egiten da. Atmosferaren behealdean dagoen BEGen geruzak uhin luzeko eguzki erradiazioa pasatzen uzten du, lurraren azala berotuz. Bero hori  berriro atmosferara isurtzen denean, BEGek ez diote ihes egiten uzten eta planeta berotu egiten da.

Beste gas asko dauden arren, berotegi-efektua eragiten duen gas nagusia Karbono Dioxidoa (CO2) da. Industria-aroaren hasieratik, gero eta energia gehiago kontsumitzen da erregai fosiletatik, (ikatza, petrolioa eta gas naturala), datorren energia. Gizartea, orain arte ezagutzen dugun bezala, energia-iturri horietan oinarritzen da, eta horietan oinarritu dugu gure ekonomia. Karbono Dioxidoa erregai fosilak erretzean emititzen da, batez ere energia elektrikoa sortzeko zentral termikoek eta errekuntzako motordun ibilgailuek egiten dituzten emisioak hain zuzuen. 

ZER EGIN DEZAKEGU?

Klima-aldaketa geldiarazteko modu bakarra gure kontsumo-ereduak alda­tzea da. Ezinbestekoa da gutxiagorekin gehiago produzitzea, prozesu guztien energia-eraginkortasuna areagotzea eta energia fosilen kontsumoa energia berriztagarriekin ordezkatzea.

Energia berriztagarriak naturak ematen dituen baliabide garbiak eta agortezinak dira. Energia horiek, erregai fosilek ez bezala, ez dute berotegi-efektuko gasik sortzen, ez eta emisio kutsatzailerik ere, eta, beraz, ez diote klima-aldaketari eragiten.

Hainbat energia-iturri berriztagarri daude: energia eolikoa (haizetik lortua), eguzki-energia (eguzkitik lortua), energia hidraulikoa edo hidroelektrikoa (ibai eta ur gezako korronteetatik lortzen da), biomasa eta biogasa (materia organikotik eskuratua), energia geotermikoa (Lurraren barrutik lortzen da), eta mareomotriz-a (mareetatik ateratakoa).