Aurten, iaz bezala, Amurrio, Aiara eta Laudioko udalerrien topaketa bat egin dugu Agenda21 programaren gaian, guztiok batera lan egiteko. Hau da, “Ingurune naturaleko ondarea”-ri buruz hausnartu eta hitz egiteko helburuarekin. 12 ikastetxeetako 66 ikasle, gure irakasleekin, bildu ginen. Aukeratutako lekua Amurrioko Refor izan zen eta data 2019ko maiatzaren 14a.

Eskola Arteko Eskualde Foroa bi zatitan antolatu zen. Lehenik, 4 taldetan banatu ginen eta hainbat hobetzeko arlo landu genituen: “Ondare ez-materialak”, “Ondare kulturalak”, “Ingurune naturaletan dagoen ondarea” eta “Baserriak”. Ondoren, osoko bilkuran guztiak elkartu ginen eta talde bakoitzeko lana aurkeztu genuen.
Gainera, parte hartu genuen ikastetxe guztion artean erakusketa bat egin genuen: “Aiara Eskualdeko ingurune naturaleko ondarearen lurralde museoa”. Ikastetxe bakoitzak kontserbatzea edo behintzat ezagutzea merezi duen elementu material edo ez-material bat aukeratu zuen etapaka (LH/DBH) eta horri buruzko “aurkezpen” bat (kartela, maketa, bideoa…) egin zuen. Mapa batean geografikoki kokatu ziren elementu guztiak eta lehen ­aipatutako hobetzeko arloen arabera sailkatu ziren. Ikasturtean zehar hainbat fitxen bidez gaia landu dugu eta bai udalerri mailako, bai eskualde mailako konpromiso eta baita proposamen ezberdinak ere lortu ditugu.
Ondare naturala
Laburbilduz, uste dugu gure ondare naturala kontserbatzea denon ardura dela, eta horretarako ezinbestekoa dela ezagutzea eta zaintzea. Gehiago ikertu behar da, intereseko tokietara bisita gehiago antolatu, festa, merkatu eta antzekoetan parte hartu, ingurukoekin honetaz guztiaz hitz egin, gure ohitura, kondaira eta mitoak transmititu … azken finean, gure altxor kolektiboa den ondare naturala konpartitu.

KONPROMISOAK
Amurrioko jai herrikoietan aktiboki parte hartzea eta giro ona sortzea. Bertako pertsonei jaia/erromeria prestatzen laguntzea, kartelak/pankartak egitea.
Bertako produktuak erostea (esnea, gazta, eztia, ogia… ).
Gure ondarea zaintzea, txukun manten­tzea, errespetatzea…
Gure ondarea baloratzea eta behar den moduan tratatzea.
Ez kutsatzea. Gure auzoak garbi manten­tzea. Natura eta naturbideak bisitatzean, zaborrak bertan ez uztea, horrela gaur egun bezain politak jarrai dezaten.
Mendira goazenean basoko animaliak errespetatzea, bakean uztea.
Ingurumena zaintzea.
Gure tradizioa, ondarea eta mitologia zabaltzea. Ikasten duguna besteekin (familia eta lagunekin) partekatzea (Artzain eguna, Mariaka indartsuaren kondaira, kondaira ezberdinak).
Gure ondarea, arkitektonikoa ere, ondo tratatzea: ez margotu, ez apurtu, zaindu. Hau da, errespetatzea.
Ez zikintzea. Bisitak egitekotan, garbi mantentzea.
Herrian dauzkagun berdegune eta parkeak errespetatzea eta zaintzea.
Urtean zehar leku ezberdinak ezagutzeko txangoak antolatzea.
Gure ingurura joatean, bisitetan eta eskolako patioan ez dugu ezer botako. Paperak, plastikoak edo bildukiak etxera eramango ditugu.
Aurten Naturan dagoen kultur ondareari buruz ikasi duguna komunikatzea gure inguruan: etxean, eskolan…

Udalsarea 2030-

PROPOSAMENAK
Bisita gidatuak edo ibilbide tematikoak antolatzea ( Mariaka, Gaztandegia eta artzainak, Menditik eta produktu tipikoak jan, Mitologia eta laborantzaren aldaketa…).
Jai berezi bat antolatzea.
Urtean behin festa bat egitea gogorarazteko eta ume eta gazteei erakusteko. Egun horretan, jendea jantzita joatea antzinako arropekin.
Ondo legoke herrian “lehengora buelta” an­tzeko egun bat antolatzea. Artzain egunean egiten den antzera antzinako lanbideak berreskuratzeko jai bat egitea (garia jo, erlezaintza, txondorrak, baserria, garai hartako eskolak, perratzaileak…).
Eraikuntzak berritzea.
Bisita gidatuak antolatzea: herritarrei eta ikastetxeei zuzenduta.
Eraikinak ezagutzeko ibilaldiak prestatzea eta lortutako diruarekin mantenu lanak egitea. Informazio eta identifikazio kartelak jartzea herrien zehar, erdiguneetan eta Kexaako bezalako tokietan.
Irteerak antolatzea mendietara, basoetara, errotetara. (Gazteei zuzenduta bereziki).
Ondarea ezagutzeko eta zaintzeko, Amurrioko ondare guztiaren inbentarioa osatzea.
Elementu esanguratsuak identifikatu eta seinaleztatu.
Mendian edo Ondare Naturalean jarduera didaktiko gehiago egin.
Baserrien izenak babestea eta ezagutaraztea, ez galtzeko.
Basoetan bertoko zuhaitz gehiago landatzea.
Txarto dauden baserriak konpontzea.
Gure arbasoen erremintak eta objektuak kontserbatu eta errekuperatzea.

ingurumen-ziurtagiria