Aurkeztutako bi proiektuetarako finantzaketa lortu du Udalak: Frontoi kalea guztiz eraberri­tzeko eta Mendixur, Larrabe eta Bergantza ­auzoetako saneamendu-sarea berritzeko. Lehen jarduketa egiteko; hau da, kale hori erabat eraberritzeko, foru-erakundeak 672.851,60 euroko diru-laguntza esleitu du, zehazki honako hauek egiteko: trafikoa berrantolatzeko, oinezkoen­tzako eremu berriak sortzeko eta instalazioak berritzeko. Gainera, obra horien bidez, kalearen diseinua zuzendu beharko da mugikortasunaren udal-planaren irizpideetara egokitzeko eta Juan Urrutia plazarekin duen elkargunea konpontzeko. Halaber, lan horiek direla eta, hiri-zerbitzu eta -instalazio guztiak berrituko dira; alegia, ura, saneamendua, telekomunikazioak, argiteria, elektrizitatea eta abar, eta airean daudenak lurperatu egingo dira. 

Onetsitako bigarren finantzaketa 754.468,75 eurokoa da, eta, diru horri esker, oraingo saneamendu-sistema berritu ahal izango da, baita sare bereiziak egin eta isuriak garbitzeko sistema hobetu ere. Hori guztia Amurrioko Hornidura eta Saneamendu Sareak Berritzeko Planean adierazitakoarekin bat etorriz egingo da. Plan hori Amurrioko Udalak eta Partzuergoak sinatutako kudeaketa agintzeko hitzarmenean dago jasota, eta,”horren bidez, asmoa da, besteak beste, jada erabili ezin diren eta duela hogeita hamar urtetik gora instalatu ziren sareen zati guztiak berritzea”. Mendixur kalean, oraingo saneamendu-sarea aldatuko da; Larrabe auzoan, oraingo saneamendu-sarea kendu eta sare bereizi bat jarriko da, eta, azkenik, Bergantza auzoan, sarea eguneratu egingo da. Horretarako, iragazki biologiko bat instalatuko da Bergantza auzoko isuri fekalak jasotzen dituen hobi septikoaren irteeran, isuri horiek indarrean dauden legeriara egokitzeko.