Poetak Maiatzean” Nazioarteko Poesia Jaialdia Amurriora helduko da maiatzaren 7tik 18ra, poesia herritarren artean zabaltzeko asmoz. Edizio honetan, ‘Kristalezko orriak’ ekimena egingo da lehen aldiz Amurrion, 30 establezimendutan baino gehiagotan.

Amaurre ikastetxeko bigarren hezkuntzako laugarren mailako ikasleak, hainbat olerki zatirekin hasi dira gaur herriko saltokietako erakusleihoak apaintzen, eta baita beste eraikin batzuk ere, udaletxea eta Amurrio Antzokia besteak beste.

Herria apaindu ondoren, maiatzaren 18an nazioarteko poetak Amurrion elkartuko dira. Goizean, 12:00etan, bisita egingo dute Amaurre ikastetxera eta bertan topaketa bat izango dute ikasleekin. Arratsaldean, 18:00etan, La Casonako erakusketa aretoan, poeten eta herritarren arteko topaketa izango da. Bertan, olerkiak errezitatu eta euren bizipenak kontatuko dituzte. Amaitutakoan, trukea egingo da bertaratutakoekin.