“ReforAmurrio Enpresaldea” enpresen hazitegi eta zentroa 2005eko apirilaren 25ean ireki zen, eta helburua zen gure udalerrian enpresa-egitasmo berriak finkatzeko leku bat ezartzea eta enpresen topagune eta erreferente bat sortzea, enpresen arteko sinergiak eta lankidetza bultzatzeko, Amurrioko eta inguruko ekoizpen-sarea berritze eta hobetze aldera. ReforAmurrio Enpresaldea martxan jartzeko, Amurrioko Udalak El Salvador erreformatorio zaharraren eraikina eraberritu eta egokitu zuen, Eusko Jaurlaritzaren kofinantzatzeari esker (IZARTU programaren eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bitartez).

Amurrio Bidean-ek, hots, Amurrioko Udaleko Tokiko Garapenerako Elkarteak, eraikina kudeatzeaz gain, honako hauek ere egiten ditu: babesa eta aholkularitza ematen du, enpresa-egitasmo berriak abiarazteko; zerbitzuak eta tresnak ematen ditu, egitasmo horiek finkatzeko; tailerrak, eta prestakuntza-jarduerak antolatzen ditu eta programak osatzen, berrikuntza sustatzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko; laguntzen eta diru-laguntzen inguruko informazioa ematen du; eta laguntza ematen du horiek izapidetzeko… Oro har, zentroa dinamizatzen laguntzen du eta, hala, bertan finkatutako enpresei ikusgarritasuna eman. Azken batean, kontua ez da soilik eremu fisiko bat ematea, baita zerbitzu pertsonalizatu bat eta laguntza ematea ere, enpresentzat askotan ezinbestekoa baita laguntza hori beren lehen urteetan.Zentroaren hamar urte hauetan, gero eta jende eta enpresa gehiago bertaratu dira, eta, pixkanaka, jarduera kopurua areagotu egin da. Erakunde publiko zein enpresa pribatuek espazioak eta aretoak alokatu eta horietan hainbat prestakuntza-jarduera, aurkezpen eta bilera egiteko erabili da, oro har zentroa, bai eta Amurrio Bideanen jarduerak egiteko ere.

El Refor

Inauguratu zutenetik, 24 enpresak erabili dituzte instalazioak eta 49 pertsonarentzako enplegua sortu da, kontuan hartuta beste batzuen kontura sortutako enplegua zein pertsona sustatzaileek sortutako autoenplegua. Hainbat motatako enpresa eta enpresa-egitasmo izan dira zentroan; besteak beste: arkitektura-estudioa; interiorismo-estudioa; diseinu grafikoaren enpresa; ikus-entzunezko ekoiztetxea; animazio-enpresa; bideo-jokoetan espezializatutako itzulpen-enpresa; betaurrekoak diseinatzeko eta merkaturatzeko enpresa; aseguru-etxea; garbiketako zerbitzu osoak; giza baliabideetako aholkularitza; kalitate-, LAP- eta ingurumen-aholkularitza; ingeniaritza; IKT aholkularitza; komunikazio- eta publizitate-zerbitzuak, etab. Hainbat industria-enpresaren (balbula-enpresak, labe erregogorrak, eraikuntza-enpresak, prozesuen automatizazioa, etab.) merkataritza-ordezkaritzak ere egon dira instalatuta, leku egokitzat jotzen baitzuten zentroa, euren enpresa gure komunitatean finkatzeko.

Aniztasun hori dela eta, aberastu egin da gure zentroa zein gure udalerria, eta, horrez gain, sinergiak eta lankidetza sortu ditu enpresen artean. Bete egin da, beraz, elkartearen lehen helburuetako bat.

 Beste espazio batzuk

Instalazioetan, ikasteko gela bat ere badago, ikasleek edo oposizioak ikasten ari direnek erabil dezaten. 08:30etik 20:30era egoten dira irekita.

El Refor 2

2010eko maiatzean, Pertsona Ekintzaileentzako Laborategia ireki zen Reforamurrio Enpresaldearen bigarren solairuan. Espazio horretan, ekipamendu informatikoa, Interneterako konexioa eta kontsultarako materiala dago, eta egokiak dira ekintzaileek, enpresari alta eman aurretik, bilerak izan ditzaten bezero edo hornitzaile posibleekin, edo, besterik gabe, lanerako leku bat izan dezaten enpresa-plana garatzeko eta merkataritza-lana abiarazteko.

2014. urtean, co-working gela bat egokitu zen. Leku egokia da arrazoia edozein dela ere espazio fisiko bat behar duten ekintzaileek edo pertsonek partekatzeko, euren lana edo proiektua gauzatu dezaten. Izan ere, errentaren kostua baxuagoa da, eta, era berean, elkarlanerako eta sorkuntzarako klima sortzen da. Orain, esperientzia pilotu bat egiten ari dira, espazio horretara sartzeko oinarriak amaitzeko.

Haztegira sartzeko deialdi berria

Reforamurrio Enpresaldea Enpresen Haztegi eta Zentroko modulu edo bulegoetan errentamendu araubidean sartu nahi izanez gero, ekainaren 1etik 30era egongo da irekita eskaerak aurkezteko epea. Lokalak zerbitzuen  sektoreko (“Bulegoak”) jarduerak egiten dituzten edo egingo dituzten enpresentzat edo pertsona ekintzaileentzat dira.

Modulu edo bulego bakoitza (10,36 m2-tik 55,09 m2-ra) alokatzeko prezioaren barnean sartzen dira lokal bakoitza erabiltzean sortutako gastuak; besteak beste: elektrizitatea, ADSL, berokuntza-sistema, garbiketa, eta abar. Prezio horretan sartuko dira, halaber, partekatutako zerbitzu batzuk; hala nola, harrera-lekua, office-a, postontzi pribatua, lokalen mantentze-lanak, segurtasun-sistema, bilera-gelak eta abar.

Jarduera hasi behar duten edo jarduera hasi zutenetik hiru urte baino gutxiago daramaten enpresek edo pertsona ekintzaileek eskaera aurkeztean prezio hobaridunak izango dituzte kontsolidatutako enpresen aldean.

Gainera, hobari gehigarriak ezarriko zaizkie enplegua sortzen duten enpresei, sortutako lanpostuen arabera (% 20tik % 37ra), bai eta egiten duten jarduera dela-eta berritzailetzat jotzen direnei ere (% 10etik % 25era). Bi hobari-portzentajeak bateragarriak izango dira, betiere % 50 gainditzen ez badute.

Interesa duten pertsona eta enpresek informazio gehiago nahi izanez gero edo “Reforamurrio Enpresaldea”-ko modulu eta lokalen esleipena arautzen duten baldintzen pleguak jasotzeko, bertaratu daitezela Amurrio Bideanera (Refor kalea z/g), dei dezatela 945 891721 telefono-zenbakira edo idatzi dezatela administracion@amurriobidean.org helbide elektronikora.