Amurrioko Aresketa Ikastolak, 2020ko Araba Euskaraz-en antolatzaile modura euskal sortzaileak eta zaleak batuko dituzten plaza berriak antolatzea du xedetzat. Zalegoa Aiaraldeko zein Euskal Herri mailako emakume sortzaile eta kulturgile ezberdinen lanak, euren arte-ikuspegiak eta sormen prozesuaren ingurukoak ezagu­tzera gonbidatu nahi zaituztegu Emakume Sorkuntza: Ekosistemaren Kartografia Berriak lelopeko zikloan. 2020ko Martxoaren 3tik 15era, Amurrioko “La Casona” dorretxean, Aiaraldeko emakume sortzaileon lan anitzez osaturiko arte erakusketa antolatuko dugu. Bertan, arkitektura, argazkigintza, bideo artea, ilustrazioa, eskultura eta margoaz gozatzeko aukera izango dugu eta sortzaile bakoitzaren arte lanez gain, artista ezberdinen arteko loturak ehuntzen saiatuko gara, ikuslegoa euren ikuspegi artistikoan murgilduz.

Mahai ingurua

2020ko Martxoaren 6an aldiz, 18:00etatik aurrera “La Casona” dorretxean bertan, arte lanez inguraturik eta kafe gozo baten bueltan, mahai ingurura gonbidatu nahi zaituztegu, Euskal Herriko emakume sortzaile, kulturgile zein kultur transmisioan diharduen Katixa Agirre (idazlea), Uxue Alberdi (bertsolaria), Birkite Alonso (musikaria) eta Haizea Barzenillarekin (EHUko Arte historioan doktorea) emakume-sortzaile binomioaren inguruan hausnartzera. Norberaren lanetik abiaturik, Euskara, kultur transmisioa eta genero ikuspegiaz osaturiko unibertso poliedrikoan murgilduko gaituzte gonbidatuak.

Ekimen honekin, urtean zehar Araba Euskarazen Darabagun lana osatu nahi dugu, gure buruak kultur kontsumitzaile huts izatetik zale aktiboak izatera bultzatuz. Era berean, Amurrio eta ­Aiaraldeko emakume elkarte ezberdinen lan isil eta funtsezkoa agerian utzi nahi dugu astean zehar garatuko ditugun tailer zein mintzaldiekin.