Amurrioko Udalak eta Vicente Ferrer Fundazioak aspalditik aurrera daramaten lankidetza hitzarmena berriztatu dute gaur goizean. Akordio horren xedea, Indiako Anantapur barrutian urritasuna duten eta kolektibo zaurgarrietakoak diren pertsonen eta beraien familien bizitza baldintzak hobetzea da. Egokitutako 30 etxebizitza duin eraikiko dira, oinarrizko saneamendu egokiarekin, egoera eskasagoan dauden kastatakoak diren, landa inguruetan bizi diren eta urritasun fisiko edo psikiko maila desberdinak dituzten pertsonei zuzenduta. 122 pertsona, 63 emakume eta 59 gizon, izango dira egitasmoaren onuradunak.

Horrez gain, proiektu horren bitartez, prestakuntzaren eta sentsibilizazioaren bidez, biztanleek komunitate mailan parte hartzea bultzatuko da, herritar horiek euren eskubideen eta beharren aldeko borrokan inplikatzeko eta ahalduntzeko helburuarekin, eta biztanle guztien artean urritasuna duten pertsonen eskubideak eta beharrak ikusgai bilakatzeko eta horien gizarteratzea sustatzeko. Bilera horietan nabarmendu egingo da emakumeak direla urritasunak berarekin daramatzan diskriminazioa eta zaurgarritasuna gehien jasaten dutenak.

Egitasmoak 70.656 euroko kostu osoa izango du, eta Amurrioko Udalak 10.000 eurorekin lagunduko du, horrelako egitasmoak bat datozelako Udalak gizarte garapenaren eta emakumeen ahalduntzearen inguruan dituen helburuekin. Udalak hainbat urtez lagundu ditu GKE horren proposamenak, 2008tik 2013ra, etengabe. Hiru urteko geldialdiaren ondoren, lankidetzarekin jarraitu zen. 2016an, “74 emakumerentzat eta euren familientzat oinarrizko saneamendua duten etxebizitza duinak, Shaiksanipalli eta Bethapalli landa erkidegoetan, Anantapurreko barrutian” izeneko proiektua finantzatzen laguntzea erabaki zen.