Amurrioko Elexazar aztarnategiko erdiko gune osoa induskatzea da uda honetan Amurrion egingo den indusketa arkeologikoen IX. kanpainaren xedea. Zehazki, kale-plaza antzeko bat da; uste da garrantzi handia izan zuela bertako biztanleen eguneroko bizimoduan. “Ez dugu egitura berririk aurkitzea espero, baina bai bertan metatutako materialak, hala nola zaborra; horrek adieraziko luke Elexazar beste ikuskatze-zentro baten mende zegoela eta informazio gehiago emango digu tokiaren izaera kultural eta erlijiosoari buruz, 2011ko ara taurobolikoaren agerpenaren ildo beretik”, adierazi du Juanjo Hidalgo Elexazarreko indusketen zuzendariak.

2019. urteko esku-hartzean, hiru astez arituko dira induskatzen, kalkuluen arabera. Lanak uztaileko lehen astean hasiko dira, zehazki asteazkenean (hilak 3), eta hilabete bereko 12an, ostiralean, amaituko dira (zortzi egun guztira). “Oporretatik itzultzean, beste zortzi egunez jarraituko dugu, abuztuaren 5etik (astelehena) 14ra (asteazkena). Dena den, baliteke abuztuko egunak aldatzea, konpromiso pertsonalen eta Elexazarren aritzen diren boluntarioen lan-egoeraren eraginez; izan ere, taldean ordainsaririk jasotzen ez duten langileak eta arkeologoak daude, eta horiek beste aztarnategi, opor eta lan batzuk ere badituzte”, gehitu du Hidalgok.

Proiektuaren zuzendaritzak, Amurrioko Udalarekin batera, adinez nagusiak diren herritarrak animatzen ditu erromatarren garaiko aztarnategian egingo den kanpaina honetan parte hartzera. Parte-hartzearen iraupena egun batekoa edo gehiagokoa izan daiteke. “Lanok borondatezkoak eta altruistak dira, eta gure historiari buruz ikertzeko interesa duten pertsonak elkartzea dugu helburu. Parte hartzeko baldintza bakarra ikasi nahi izatea eta gure ingurune hurbileneko galdutako historiaren zati bat ezagutzeko ilusioa izatea da. Historia hori metodo zientifiko bati jarraituz berreskuratu behar dugu, pazientziarekin eta ahalegin fisikoa eginez, baina erabateko gogobetetzea ekartzen du”, jarraitu du Hidalgok. Esperientzia honetan parte hartu nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute helbide elektroniko honetara: elexazar@gmail.com. Mezuan beren datuak eta harremanetarako datuak jarri beharko dituzte, eta egokitzat jotakoa erantsi. Ondoren, antolatzaileak harremanetan jarriko dira interesa adierazi dutenekin, eta azaldu egingo diete proposatzen den jarduera arkeologikoak zer ezaugarri dituen eta nola garatuko den.

2018ko kanpainako ondorioak

Joan den udan lagin gisa hartutako Elexazarreko lurretan egindako indusketa-kanpainan gauzatutako azterketetatik ateratako emaitzei esker, “segurtasun handiagoa izan dezakegu honako hipotesi honetan: 3. eraikina (C3) animaliak gordetzeko erabili zen iraganean. Emaitzek babestu egiten dute lan-hipotesi hori, eta bat datoz barruti handiaren diseinuarekin berarekin: ez du barne-banaketarik, badirudi ukuilu luze bat dela, abereak –ziurrenik behiak– gordetzeko, erditzear zeudenean edo kumeek edoski bitartean”, esan du Hidalgok. Hala, Elexazarren planoa argituz doa, erabilera bereizia izan zuten espazio unitario argiak erakutsi arte: bizitzeko eta gauzak gordetzeko tokiak C1 gunean; tailerra C2 gunean, ukuilua eta abeltzaintzarako C3 gunea eta hegoaldeko desnibel handia berdintzeko aztarnategiaren itxitura C4 aldean. Horrez gain, erdiko gune interesgarria ere badugu; bertan egingo zuten biztanleek bizitzaren zati handi bat, eta aurtengo udan induskatuko du taldeak.