Vital Fundazioak laguntza-deialdi bat egin du Erasmus 2020/21 Europako mugikortasun-programan onartuak izan diren Arabako unibertsitate-ikasleentzat. Ohiko deialdi bat dago, eta beste bat, berezia, beharrizan ekonomikoak dituzten familientzat. Interesdunek azaroaren 30ra arte eskatu ahal izango dituzte beka horiek. Ez dira kontuan hartuko praktikak, graduondokoak, masterrak edo doktoretzak.

Ohiko deialdiak 800 euroko laguntzak emango ditu ikasturte osoa kanpoko unibertsitatean emango dutenentzat; 400 eurokoak lau eta sei hilabete bitarteko epealdia emango dutenentzat; eta 100 euro hileko lau hilabete baino gutxiagoko egonaldietarako. Bestalde, deialdi berezi bat prestatu da familian premia ekonomikoak dituzten ikasleentzat. Kasu horietan, beken zenbatekoa ohikoena halako bi izango da, eta ez zaie hainbanaketarik aplikatuko. 

Kutxabankek parte hartzen du beka horien kudeaketan, eta azaroaren 30ra arte bitartean eska daitezke, www.fundacionvital.eus webgunean. Eskabide-inprimakian beka bereziak eskuratzeko laukitxoa aktibatzen bada, egoera ekonomiko hori egiaztatzen duen dokumentazio gehigarria ere bidali beharko da.

Laguntza hori beste erakunde batzuetakoen osagarria izan daiteke, eta truke-programa ofizialean hasieran aurreikusitako hilabeteak baino ez ditu kontuan hartuko, eta ez ditu aintzat hartuko ikasleak gerora egin ditzakeen egonaldi-luzapenak. Finkatutako egutegiaren aurretik kanpoko unibertsitateko egonaldia eteten bada, beka jasotzeko eskubidea galduko da. Pertsona bakoitzeko laguntza bakarra emango da ikasle-ibilbide osoan, truke-programa guztietarako.

Gainera, eskatzaileek K26 edo K26+ txartelaren titularrak izan beharko dute (30 urtetik gorakoen kasuan, Kutxabanken edozein finantza-txartelaren titularrak), eta erakundean egoera aktiboan dagoen kontu baten titularra izan beharko dute; bi kasuetan, 2019ko urtarrilaren 1a baino lehenago emanak/irekiak izan beharko dute.