Zabalik dago Araban jaiotzegatiko laguntzen 2019 ekitaldiko deialdia. Arabako Foru Aldundiak dirulaguntzak emango ditu 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra arte izandako jaiotzak direla eta, biak barne. Arabako Batzar Nagusiek iaz onetsitako foru arau baten bidez, abian jarri zen zuzeneko laguntza lerro bat, zeinaren bitartez dirulaguntza emango baitiete lurralde historikoan urtebetez, behintzat, bizi izan diren eta seme-alaba bat izan duten familia unitateei: 1.000 euro urtean 40.000 euroko edo gutxiagoko diru sarrerak dituzten familiei; 500 euro 75.000 euro arteko diru sarrerak dituztenei, eta 250 euro 75.000 euro baino gehiagoko diru sarrera gordinak dituztenei. 

Dirulaguntza hori bateragarria da ondorengoak direla eta aplikatu ohi diren gainerako kenkariekin. Deialdi horren onuradun izan ahalko dira dirulaguntza jasotzeko eskubidea ematen duen umea jaio zen egunaren aurretik Arabako Lurralde Historikoan urtebetez, behintzat, bizi izan diren familia unitateak. Eskariak martxoaren 10eko 14.00ak arte aurkeztu ahal dira.

Araba.eus

Eskaera horiek, ahal dela, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dituzte eskatzaileek, Arabako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan (https://e-s.araba.eus); horretarako, sartzeko ziurtagiri digitala izan beharko dute aldez aurretik. Egoitza Elektronikora sartzeko bideak zeintzuk diren eta entitate ziurtatzaile batek jaulkitako ziurtagiri elektronikoa non eskatu behar den jakiteko, honako webgune honetara jo behar dute: araba.eus. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen jendaurreko arretarako Gasteizko bulegoan (Jesusen Zerbitzariak kalea 5) ere aurkeztu ahal izango dira eskaerak, 09:00etatik 15:30era.